Haizea ez da hain hotza

Askotan termometroan irakurtzen dugun tenperatura eta gorputzak sentitzen duen tenperatura ez datoz bat. Hotz handia egiten duen herrialdeetan oso kontuan hartzen dute haizearen hozte-faktorea etxetik atera aurretik, haizeak -15 ºC-ko tenperatura -35 ºC-ko tenperatura bilaka baitezake. Gorputzak aire beroz osaturiko geruza izaten du larruazalaren inguruan, bero mantentzen laguntzen gaituena.

Haizeak geruza bero hori deuseztatu egiten du batetik, eta bestetik, larruazaleko berotasuna erakartzen du bertan izaten ditugun ur-molekulak lurrunduz. Bi eragin horien ondorioz, termometroak adierazitakoa baino hotz handiagoa sentitzen dugu.

Haizearen hozte-faktorea 50eko hamarkadan finkatu zen, ikertzaile estatubatuarrek Antartikan eginiko neurketen bid

ez. Tenperatura eta haize-baldintza ezberdinetan urez beteriko zilindroak izozteko beharrezko denbora neurtu zuten, eta neurketa horietatik, haizearen hozte-faktorea kalkulatzeko ekuazioak lortu zituzten. Faktore horrek larruazaleko berotasunaren galera-abiadura neurtzen du eta nahi izanez gero, tenperatura-eskalara bihur daiteke. Herrialde hotzetan bi tenperatura iragarri ohi dira: termometroak markatuko duena eta gorputzak sentituko duena. Baina zenbait aditu protesta bidean dira aspaldi honetan: urez beteriko zilindroek ez dutela giza gorputzaren hoztea egoki adierazten eta 50eko hamarkadako neurketak zaharkituak daudela diote.

Orduko ekuazioek 10-15 ºC soberan eransten omen dizkiote haizearen eraginari, eguraldi-iragarle sentsazionalisten pozerako eta beste guztien kalterako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila