Hainbat infekziori aurre egin diezaiokeen bare artifiziala sortu dute

Odola filtratuz hainbat infekzio-motari aurre egiteko gaitasuna duen bare artifizial edo biobare bat garatu du Harvard Unibertsitateko Wyss Institutuko ikertzaile-talde batek.  Nature aldizkarian argitaratu duenez, oso infekzio ezberdinei aurre egiteko gaitasuna du bareak. Besteak beste, E.coli bakterioari aurre egin diezaioke.
hainbat-infekziori-aurre-egin-diezaiokeen-bare-art
Odoletik patogenoak erauzteko filtrazio-sistema. Arg. Harvardko Wyss Institutua

Donald Ingber bioingeniariak zuzendutako taldeak sortutako gailuak lektina proteinaren (MBL) aldaera bat erabiltzen du. Aipatutako proteina gizakiek ere badute, eta 90 bakterio, onddo eta birusen gainazaleko azukre molekuletara itsasten da; baita ere septizemia eragin dezaketen hildako bakterioek askatzen dituzten toxinetara. Ondorioz, tresna berriak infekzioei aurre egin ez ezik, askoz larriagoa izan litekeen septizemia sortzea galeraz dezake.

Septizemia-kasuen erdietan, medikuek ezin izaten dute diagnostiko zehatza egin. Kasu horietan espektro zabaleko antibiotikoak erabili ohi dira infekzioari aurre egiteko, baina beti ez da emaitza onik izaten.

Bare artifizialak MBL proteinez bildutako nanoale magnetikoak erabiltzen ditu. Odola gailutik iragaztean, proteinez bildutako nanoale magnetikoak odolean izan daitezkeen patogeno gehienen azalera itsasten dira. Iman batez bidez, nanoale magnetikoak, eta itsatsita dituzten patogenoak, odoletik kentzen dira. Gero, garbitutako odola berriro organismoan sartzen da.

Gailua probatu ahal izateko, ikertzaileek E.coli eta S. aureus bakterioekin kutsatu zituzten arratoiak. Ondoren, bare artifiziala erabili zuten arratoien odola iragazteko. Bost orduren buruan, odola garbitu zieten arratoien % 89k bizirik jarraitzen zuen; aldiz, kutsatu eta tratatu gabeko arratoien %14 bakarrik zegeoen bizirik.

Bare artifizialak arratoien odoleko bakterioen % 90 garbitzea lortu zuen. Arratoi horien organoak gainera ez zeuden tratatu gabeko arratoien organoak bezala, handituta. Ikertzaileen ustez, horrek erakusten du septizemia garatzeko aukera gutxitzen duela.

Odoleko MBL proteina erakdatuak patogenoei lotuta. Ale magnetikoak (128 nm-koak) bi patogenori lotuta ageri dira irudian: E.coli ezkerrean, eta S. aureus eskuinean. Arg. Harvardko Wyss Institutua

Gailua ez zuten bakarrik arratoiekin probatu. Ikertzaileek bost litro giza odol ere garbitu zituzten bare artifizialaren bidez. Bakterio eta onddoekin kutsatutako odola, orduko litro bateko abiaduran garbitu zuten, eta, ikusi zutenez, bost ordu eta gero, odoleko patogeno gehienak kendu zituen bareak.

Ikerketa taldea zuzendu duen Donald Ingber ikertzaileak azaldu duenez, gailuaren bidez infekzioa kontrolatu ondoren, posible izan daiteke pazienteen sistema immuneak eta antibiotikoek infekzioak menderatzea. Une honetan, biobarearen gaitasuna zerrietan proban jartzen ari dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila