COVID-19aren pandemiak erdi ezkutuan mantendu baditu ere, hegaztien gripeak 2020n arazo larriak eragin ditu munduan. Birusaren H5N8 azpitaldeak, hain zuzen, gogor kolpatu ditu Eurasiako eta Afrikako haztegietako hegaztiak. Miloika hegazti hil behar izan dituzte. Are gehiago, hegazti basatietan ere azaldu da, eta pasa den abenduan lehenengo kasuak detektatu zituzten gizakietan. Adituen ustez, gero eta handiagoa da hegaztien gripea gizakietan zabaltzeko arriskua. H5N birusek potentzial pandemikoa dutela adierazi dute. Aste honetan bertan argitaratu ditu Science aldizkariak H5N8 birusaren sorrera eta potentzial zoonotikoari buruzko datuak.
Gaixotasunaren zabalkundea azkarra dela ikusi dute ikerketaren egileek, eta birusak espezieen arteko mugak zeharkatzeko gaitasun duela ohartarazi dute. Beraz, dagoeneko H5N8a osasun publikorako kezka izan badela uste dute. Izan ere, dagoeneko 46 herrialdetan identifikatu dira H5N8ren infekzioak hegaztietan, eta Errusiako haztegietan zazpi langilek eman dute positibo. Ikertzaileen ustez, lehentasunezkoa da haztegietan arreta jartzea. Besteak beste, haztegietako zaintza-sistemak eta infekzioak kontrolatzeko neurriak zorroztea proposatu dute.
Zientzialariek aspaldi ohartarazi zuten birus zoonotikoak zabaltzeko arriskuaz, SARS-CoV-2aren pandemia sortu aurretik. Baina beti pentsatu izan da gripearen birusen batek sortuko zituela arazoak, ikusita birusaren H5N1 azpitaldeak eta haren berrantolaketa genetiko berriek (H5N2, H5N5, H5N6 eta H5N8) zer nolako arazoak sortu dituzten urtez urte. Orain, berriz ere jarri dute mahai-gainean hegaztien gripea, kezkaz. Une honetan, H5N8a hegazti migratzaileen bidez mundu osora azkar heda litekeela azpimarratu dute.
H5N8aren hedapen globalaz kezkatuta egoteko hainbat arrazoi aipatu dituzte, hegazti basatien migrazio luzeez gain; gripearen birusak bere material genetikoa berrantolatzeko duen berezko gaitasun handia; birusak kanpoko antigenoak etengabe aldatzeko erakutsi duten joera; eta birusak giza zeluletako hartzaileei lotzeko duen ahalmen esanguratsua.
Elhuyarrek garatutako teknologia