Ameriketako Estatu Batuetako hainbat dortoka-espezie desagertzeko arriskuan daude, urtero populazioaren % 10 hiltzen delako. Espezie horien artean kaxa-dortoka (Terrapene spp), baso-dortoka (Clemmys insculpta), dortoka pikarta (Clemmys guttata) eta lehorreko dortoka (Testudinidae) daude. Syracusen dagoen New York Estatuko Unibertsitateko hainbat biologok dortoken heriotza-tasa handiaren arrazoia ikertu dute, eta ondorioa harrigarria izan da.
Heriotza horien eragilea ez da klima-aldaketa, ezta landare- edo animalia-espezie exotikoren bat ere. Dortoka horiek gizakiak hil ditu, ibilgailuen gurpilen azpian harrapatuta. James Gibbs eta Gregory Shriver biologoek dortoken mugimenduaren inguruko informazioa eta autobide nagusiko administrazioak trafikoari buruz emandako datuak erabili dituzte ikerketa egiteko. Emaitzen arabera, AEBetako mendebaldean dortoken heriotza-tasa % 10 baino txikiagoa da, baina ekialdean ehuneko hori baino handiagoa da.