Erlatibitatearen teoriaren arabera, grabitatearen efektua 'mugitu' egiten da espazioan, argiaren abiaduran. Orain, fisikarien neurketek baieztatu egin dute hori.
Newtonek uste zuen grabitatea bat-batekoa dela, hau da, masa dagoen unetik grabitatea ere badagoela. Baina Einsteinek, erlatibitate orokorraren teoriaren bidez, grabitatearen 'izaera' azaldu zuen: teoria horren ondorioetako bat da grabitazio-eremua 'zabaldu' egiten dela.
Ondorio horretara iristeko, Jupiter aztertu dute, Lurretik ikusita quasar baten aurretik pasatzen ari zen unean. Planetaren masak quasarrak igorritako irrati-uhinen ibilbidea okertu egiten du. Lurreko behategi batetik efektu hori noiz antzematen den neurtu dute zientzialariek, eta, neurketa horretatik abiatuta, Jupiterrek sortzen duen grabitazio-eremua zein abiaduratan hedatzen den kalkulatu dute.
Dena dela, fisikari batzuek zalantzan jarri dute emaitza zuzena dela. Izan ere, esperimentuaren oinarriak dituen hainbat suposizio oker egon daitezkeela ‘salatu’ dute. Beraz, beste ikerketa askok bezala, argitaratu berri den artikuluak eztabaida sortu du zientzialarien artean.