Golkoko itsaslasterra iparralderantz mugitu da

Golkoko itsaslasterra iparralderantz mugitu da
2011/03/01 | Elhuyar
Golkoko itsaslasterra eta Labrador itsaslasterra elkartzen diren ingurua. Kolore argiz, ur beroa; ilunez, ur hotza. Arg.: NASAren Aqua satelitea.

Kanadako Eskozia Berriko kosta aztertutakoan, azkeneko hamarkadetan Golkoko itsaslasterrak iparralderantz egin duela jakinarazi dute Ternuako Memorial Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Klima-aldaketaren ondorioz gertatutako mugimendua dela susmatzen dute.

Eskozia Berriko ingurua aztertu dute, eskualde horretan egiten dutelako topo iparraldetik datorren Labrador itsaslaster hotzak eta hegoaldeko Golkoko itsaslaster epelak. Golkoko ura aberatsagoa da elikagaietan Labradorrekoa baino, eta geruzatuago dago; halaber, bi horietan desberdinak dira nitrogeno-isotopoen proportzioak. Horrenbestez, ez dute aztarna bera uzten, ez sedimentuetan, ez bizidunetan, eta jakin daiteke itsaslaster bakoitza noraino iritsi den, eta, hortaz, mugimendurik izan duen edo ez.

Ikertzaileek, zehazki, koralei begiratu diete bi itsaslasterren gorako eta beherako mugimenduen datuak jasotzeko. Izan ere, sedimentuei bakarrik begiratuta, behatutako aldaketak 150 urteko tartean kokatu ahal izaten dituzte; ezin dute gehiago zehaztu noizkoak diren. Horren arrazoia da, besteak beste, bizidunek sedimentuak harrotu eta nahasi egiten dituztela. Koralak aztertuta, berriz, azkeneko 1.800 urteotan bi itsaslasterrak noraino iritsi diren zehaztu ahal izan dute. Hain zuzen, 15 N / 14 N isotopo-proportzioa neurtu dute koralen hazkuntza-eraztunetan.

1
273
2011
3
014
Hidrologia; Geografia; Ozeanografia; Botanika
Albisteak
18
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila