Gizakietan probatu den lehen txertoak emaitza onak eman ditu lehen fasean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gizakietan-probatu-den-lehen-txertoak-emaitza-onak
Arg. Artxibokoa

Moderna konpainiak jakinarazi duenez, COVID-19ari aurre egiteko probatzen ari diren txertoak segurua dela frogatu du lehen fasean. NIAD AEBko Alergia eta gaixotasun infekziosoen institutuak bultzatutako hautagaia da, eta mRNA-1273 izena du; hau da, RNA-txerto bat da. 

Zehazki, SARS-CoV-2 birusaren S proteina ekoizteko RNA mezularia injektatzean datza. Proteina hori koronabirusaren espikulan dago, eta antigorputzen bidezko erantzuna sustatzen du. Horregatik, garatzen ari diren txerto gehienak S proteinan oinarritzen dira, era batera edo bestera. Modernarenak, S proteinaren mRNA du lehengaitzat: txertoa jasotakoan, zelulek S proteina ekoizten dute mRNAren jarraibideen arabera, eta immunitate-sistemak antigorputzak sortzen ditu proteina horien aurka. Hala, SARS-CoV-2 birusaz infektatuz gero, gorputzak jada prest ditu antigorputzak hari aurre egiteko.

Birusaren genoma deskodetu eta bi hilabetetara hasi ziren lehen fasearen probak gizakietan. Lehen fasearen helburua segurtasuna probatzea da, eta 45 boluntariok parte hartu dute, hiru taldetan banatuta: batzuek 25 mikrogramoko dosia jaso dute, beste batzuek 100 eta azkenek 250. Bigarren dosi bat jaso eta bi aste igaro ondoren, ikusi zuten boluntarioek ez zutela albo-ondoriorik, eta haietako zortzik antigorputzak zituztela (oraindik ez dituzte denen datuak eman).

Saguetan egindako esperimentuetan, sortutako antigorputzak eraginkorrak zirela frogatu zuten. Orain, gizakietan ere gauza bera gertatzen ote den begiratu behar dute, bigarren fasean. 600 boluntariok parte hartuko dute, eta, azaldu dutenez, 250 mikrogramoko dosia baztertuko dute, dosi txikietan eraginkorra dela uste baitute, eta zenbat eta dosi txikiagoa erabili, orduan eta dosi gehiago izango dituzte, jende gehiago txertatzeko.

Helmugara iristea ez da erraza, baina, dena ondo bidean, uztailean egingo lukete hirugarren fasea, milaka pertsonatan, eta merkaturatzeko baimena eskatuko lukete. Hala, urte amaierarako edo 2021aren hasierarako prest izango lituzkete lehen txertoak. Aldi berean, garapenerako eta ekoizpenerako finantziazioa lortzeko ahaleginetan dabil Moderna konpainia. Bitartean, antzeko zein bestelako estrategiak erabiltzen dituzten beste ehun txerto inguru ari dira probatzen munduko hainbat laborategitan.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila