Nocardia donostiensis izena jarri diote Donostiako Unibertsitate Ospitaleko, CIBERES taldeko eta EHUko ikertzaileek identifikatutako bakterio berriari.
Nocardia generoko bakterioek eragindako gaixotasunak aztertzen ditu taldeak. Bakterio horiek aurrez arnas-aparatuko gaixotasunak, neoplasiak eta antzeko gaixotasunak izandako pertsonei eragiten diete. Oraingoan, ordea, gaixoen arnasketa-laginetan deskribatu gabeko espezie berria aurkitu eta karakterizatu dute.
Espezie berritzat onar dezaten, azterketa biokimikoak eta sekuentziazio genetikoak egin behar izaten dira, hala nola nazioarteko bildumetan dauden antzeko espezieekin konparatu. Gainera, ekarpen taxonomiko berriei buruzko aldizkari batean argitaratu behar izaten da. Luze jo du, hortaz, prozesuak. Baina ikertzaileek 2016an ezagutarazi izana aprobetxatu dute eta, donostia Europako Kulturaren Hiriburua izanik, Nocardia donostiensis deitu diote espezie berriari.
Elhuyarrek garatutako teknologia