Gizaki birtuala xerradatan

Izoztu eta apar sintetiko zurrunean kontserbatutako gizon baten gorpua 1.735 xerradatan ebaki dute Estatu Batuetan Colorado-ko unibertsitateko ikerleek. Gero xerrada bakoitza definizio handiko kamera batek puntuz puntu jaso du. Ondoren, horrela lortutako irudi guztiak programatutako ordenadore baten memoriara bildu dituzte, eta nahi denean gorputzaren edozein atali buruzko datuak eman ditzake; edozein hezur, arteria, nerbio, organo eta abarri buruzkoak, alegia.

Gizaki birtualari buruzko datu hauek “Internet” sarearen bidez mundu guztian lortu ahal izango dira. Sare hori izan ere, munduko hainbat unibertsitateren (Euskal Herrikoa barne) arteko informazio-trukean hamabost bat urtean lanean ari baita.

“Gizaki birtualak” 42 gigabit hartzen ditu ordenadorearen memorian, hau da, 72 CD-ROM diskotan sar daitekeena edo mila milioi hitz gordetzeko behar den adina. Gizaki birtualari buruzko datu hauek “Internet” sarearen bidez mundu guztian lortu ahal izango dira. Sare hori izan ere, munduko hainbat unibertsitateren arteko informazio-trukean hamabost bat urtean lanean ari baita.

Washingtongo Medikuntza Liburutegi Nazionalean informatikan aditu den Michael Ackerman jaunak dioenez, datu hauek medikuntza irakasteko erabiliko dira, gorputzeko organoak hiru dimentsiotan azalduz, kirurgiarako ingurune birtualak sortuz eta protesiak prestatzeko irudiak eskainiz.

Proiektu hau burutzeko bost urte baino gehiago behar izan dituzte. The Visible Human Project deitu diote, eta Kaliforniako San Frantziskoko unibertsitateko adituak beste ikerketa bat egitera bultzatu ditu. Hauek, izan ere, giza enbrioiari buruzko datuak digitalizatu egin nahi dituzte, baina jasotako informazioak espazioa eta denbora izango ditu kontuan. Beste era batera esanda, enbrioiaren atal desberdinen forma ezezik denboran zeharko eboluzioa ere jasoko da. Mikrografiak, ekografiak, erradiografiak, anatomi bildumak, etab. aprobetxatuko dituzte datuak biltzeko.

Proiektuko buru den Michael D. Doyle ikerleak dioenez, bisualizazio-teknika berriei esker bizidunen organismoak nola sortu eta garatzen diren ulertzen lagunduko dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila