Zelula ametatik abiatuta, ahots-korden hiru dimentsioko eredu bat garatzea lortu dute Wisconsin Madisoneko Unibertsitateko ikertzaileek, giza ahots-korden mukosa eta tolesturak ere badituena. Garrantzia berezia eman diote horri, tolestura horiek baitira gure ahotsa sortzearen eta elikagaiak arnas-aparatura ez sartzearen arduradun nagusiak.
Ereduko ahots-kordak zigarroen kearen eraginpean jartzerakoan, hantura gertatzen dela ikusi dute, tabakoak giza laringean eragiten duen bezalaxe. Hortaz, kontuan hartuta zer zailtasun izaten diren ahots-kordetako laginak hartzeko pazienteari kalterik eragin gabe, zientzialariek adierazi dute eredu honek balio lezakeela ikertzeko nola sendatu tabakoak, alergenoek eta infekzioek eragindako kalteak. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute.