GIBarekin infektatutako organoen transplanteak baimentzeko asmoa dute Estatu Batuetan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gibarekin-infektatutako-organoen-transplanteak-bai
Estatu Batuetan legea aldatzekotan dira, eta, hartzaile seropositiboentzat, infektatutako organoak ere baimenduko dira.

Orain arte, Estatu Batuetan, beste herrialde gehienetan bezala, hiesaren birusarekin infektatutako organoak ez dira onartu transplanetak egiteko; hau da, infektatutako pertsonak organoen hartzaile izan daitezke, baina ez emaile. Alabaina, orain legea aldatzekotan dira, eta, hartzaile seropositiboentzat, infektatutako organoak ere baimenduko dira.

Dena dela, Estatu Batuak ez lirateke aitzindariak izango, Hegoafrikako Errepublikan 2008an egin baitziren infektatutako organoen lehen transplanteak. Zehazki, hiesa zuten lau pazienteri infektatutako giltzurrunak transplantatu zizkieten. New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu zituzten emaitzak; artikuluan azaltzen denez, kasu guztiak arrakastatsuak izan ziren. Geroztik, era horretako beste hainbat transplante egin dituzte Hegoafrikako Errepublikan.

Esperientzia horretan oinarrituta, aurten, Israelen, GIBa duten eta bizirik dauden bi pertsonen arteko lehen giltzurrun-transplantea egin dute. Sendagileek adierazi dutenez, kasu horretan ere dena ondo joan da.

Estatu Batuetan, giltzurrunenaz gain, beste organo batzuen transplanteak ere egin nahi dituzte. Izan ere, Current HIV/AIDS Reports aldizkari espezializatuak argitaratu berri duen artikulu baten arabera, gibela transplantatzeko eskaria ere handitzen ari da. Bada, artikulua gaiari buruzko ikerketen azterketa bat da, eta hor bertan azaldu dutenez, antirretrobilaren bidezko terapiari esker, ez dago arrazoirik infektatutako organoak ez transplantatzeko. Hori bai, errefusa eta infekzioak saihesteko kontu berezia izan behar dela ohartarazi dute artikulugileek.

Edonola ere, baimena lortu arren, transplanteak egiten hasterako urtebete igaro daitekeela ohartarazi dute, transplanteak egiten hasi aurretik araudi klinikoa eta etikoa osatu behar baitira.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.