GIBa ezkutalekutik atera eta zaurgarri egiteko bidea aurkitu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

giba-ezkutalekutik-atera-eta-zaurgarri-egiteko-bid
Ezkutatutako GIBak aktibatzen. Arg. Dar et al./Science

Hiesaren birusak, GIBak, infektatutako zelulen barruan geratzen dira batzuetan, ezkutuan. Hori gertatzen denean, botikek ezin dute haiengana iritsi, eta, beraz, ez dute eraginik. Hain zuzen, hori da hiesaren aurkako tratamenduak paziente batzuetan izaten duen oztopo nagusietako bat. Orain, birus horiek aktibatzeko eta botiken eraginpean jartzeko bide bat aurkitu dute Gladstone Institutuko zientzialariek.

Science aldizkarian eman dute ikerketaren berri. Azaldu dutenez, birusaren gene-espresioa neurrian aldaraztean dago gakoa. Izan ere, aldaketa txikia eragin behar da. Hori lortzeko gai izan zitezkeen 1.600 konposatu probatu dituzte, eta, azkenean, 85 hautatu dituzte. Elkarren artean konbinatuta, nahaste eraginkorrena identifikatu dute.

Ikertzaileen esanean, konposatu-konbinazio hori gai da ezkutatutako birusa aktibatzeko, eta, ondorioz, galdu egiten du botika antirretrobiralekiko immunitatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila