Genoma-diseinatzaileak

Bizidun sintetikoak diseinatzea da orain zientzialari askoren helburua. DNA sekuentzia bat diseinatu eta hortik abiatuta bizidun oso bat sortu ahal izatea. Pasa den urtean lortu zuten lehendabiziko aldiz, polioaren birus sintetikoa eraikitzea lortu zutenean; eta orain bigarren aldiz lortu dute: bakterioak infektatzen dituen birus bat garatu dute, Phi-X174 bakteriofago ezaguna, hain zuzen ere.

Bizitzaren oinarrizko osagaietatik soilik abiatuta egin dute, hau da, DNA osatzen duten nukleotidoetatik. Ez dute beste osagairik erabili. Azken finean, DNA ondo diseinatzea da sekretua. Phi X174 birusaren sekuentzia genetikoa ezaguna denez, horren berdina den sekuentzia sortu dute PCRaren antzeko teknika baten bidez. Eta DNA zati hori gai izan da bakterioak infektatzeko eta ugaltzeko, birus arruntak bezalaxe.

Craig Venter ikertzaile estatubatuar polemikoa da lorpen honen arduraduna, eta, birus honen genomak 5.000 base-pare baino ez baditu ere, genoma handiagoekin saiatzeko asmoa duela adierazi du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila