Arrainen hegatsetatik gorputz-adarrak sortzeko prozesua bi generen galerari lotuta dago
Duela 365 milioi urte inguru, arrain-espezie batzuen hegatsak beso eta hanka bilakatu ziren. Ottawako Unibertsitateko biologo batzuek aurkitu dute prozesu hori bi generen desagerpenarekin lotuta dagoela. Hala ere, ez dakite zer izan zen aurrena, geneak desagertzea ala hegatsak gorputz-adar bilakatzea.
Biologoek badakite, ordea, arrainen gene-familia batek --and geneak-- hegatsei zurruntasuna ematen dien mekanismoa kontrolatzen duela. Zebra-arrainetan egin dituzten esperimentuen arabera, gene horiek isilduta, arrainak ez du sortzen aktinodina proteina, zuntz zurrunak osatzen dituzten molekula. Horrez gainera, biologoek aurkitu dute tetrapodoetan ez dagoela and generik. Baina, arrainetan, ohiko geneak dira.
Tetrapodoak arrainetatik sortu zirenez, zientzialariek ondorioztatu dute tetrapodoen eboluzioan galdu direla. Horregatik, ikerketa honek frogatzen du geneen galera eboluzioaren baliabide bat dela.