2013/02/07
295. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Garunarentzat, izua eta beldurra ez dira gauza bera
Iowa Unibertsitateko ikertzaileek erakutsi dutenez, garuneko amigdalak ez du agintzen beldur-mota guztien aurreko erantzuna. Izan ere, frogatu dute amigdala atrofiatuta duten pertsonak ere, beldurra sentitzeko gaitasuna galduta duten arren, izutzen direla bizitza arriskuan dutela jakinarazten duten seinaleak jasotzean. Hortik ondorioztatu dute orain arte ezezaguna izan den beste mekanismo batek ere parte hartzen duela beldurraren mekanismoan.
Amigdala, erresonantzia magnetiko funzionalaren probaren bidez ikusta.
Iowan egindako ikerketan gako izan dira Urbach-Wiethe gaixotasuna duten pazienteak. Oso gaixotasun arraroa da; gaixoei amigdala lehortu eta gogortu egiten zaie, eta, horren ondorioz, ez dute inolako erantzunik izaten gainerakoentzat beldurgarriak diren estimuluen aurrean. Alabaina, guztiek espero zutenaren aurka, ikerketan izutu egin ziren.
Esperimentuan, paziente horiez gain, boluntario osasuntsuek ere parte hartu zuten. Ikertzaileek maskara bana jarri zieten, eta % 35 karbono dioxidoa zuen airea eman zieten arnasteko (CO2-kontzentrazioa odolean igotzeak izua eragiten du). Haien harridurarako, pazienteek benetako izua erakutsi zuten, boluntario osasuntsuek baino are handiagoa.
Horrenbestez, orain arte bestela uste bazen ere, amigdala ez da beldurraren mekanismoa pizteko arduradun bakarra. Ikertzaileek adierazi dutenez, lanean jarraitzeko asmoa dute, amigdalarekin zerikusirik ez duten beste mekanismoak zein diren argitzeko.
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.