Britainia Handiko gidariek laster hiri erdiguneetan kotxez ibiltzeko ordaindu egin beharko dute gobernu britainiarraren garraio-planak aurrera egiten badu. Azken urteetan kotxe-erabiltzaileen kopurua igo egin da eta hiri erdiguneetako kotxe-kontzentrazioa dela eta poluzioa nabari handitu da. Udalek gidariei dirua eskatuko diete urtero kotxea edukitzeagatik eta lantokietako aparkalekuetan zerga berriak ezarriko dituzte, aldi berean garraio publikoak hobetzeko ahalegina egingo dutelarik.
Horretarako Garraio Publiko Nazionalaren Informazio Zerbitzua sortuko da, telefonoaren eta Interneten bitartez bidaiak antolatzeko balioko duena. Bestalde, hirietatik kanpo dauden supermerkatuek erosketak etxera eramateko zerbitzuak eskaini ditzaten lortu nahi da kotxeen erabilera murrizteko. Ekologistek, ordea, supermerkatu hauetan aparkalekuak ordainekoak izatea proposatu dute.