Garezurra ikertu eta Downen sindromea ezagutu

Downen sindromea duten pertsonek 21. kromosomaren bi kopia izan ordez hiru kopia dituzte. Akats genetikoa enbrioien garapeneko lehen uneetan gertatzen da eta, horren ondorioz, arazo kognitiboak eta bihotzeko zein sistema inmunologikoko akatsak izateko arrisku handiagoa duten umeak jaiotzen dira. Umeok gainera, ezaugarri berezi eta komuneko aurpegiak izaten dituzte. Eta ezaugarri horietako bat izan liteke, beharbada, gaixotasunaren hasierako garapena ulertzeko bideetako bat.

Baltimoreko Johns Hopkins Unibertsitateko Rogers Reeves ikertzaileak saguengan aztertu du Downen sindromearen garapena; hain zuzen saguen enbrioien garezurraren garapena aztertu du. Reeves-ek laser bidezko mikroskopioa erabili du saguen garezurraren garapenaren hiru dimentsioko irudiak hartzeko, eta irudiok sagu arrunten garezurrarekin alderatu ditu. Downen sindromea duten saguen kasuan (gizakien kasuan bezala) garezurreko hezurrak luzeagoak dira ezker-eskuin eta laburragoak aurretik atzera.

Ikerketa horiek guztiak, bai saguengan eta bai gizakiengan, gaixotasuna antzera garatzen dela finkatzeko egin dira, baina pauso erabakigarria hurrengoa da; Reeves-en ustetan, sabelaldiaren hasieran saguen garezurra nola garatzen den aztertzeak, hirukoiztuta dagoen genearen jarduera eta gaixotasunaren garapena lotzea posible egingo luke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila