Gantza desegiten duen mekanismo neuronal bat aurkitu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gantza-desegiten-duen-mekanismo-neuronal-bat-aurki
Gantz-zelulak (berdez), axoiek inguratuta (gorriz) Arg. Roksana Pirzgalska/IGC

Estimulazio neuronalak gantza desegiten duela frogatu dute Gilbenkian Institutuko (Portugal) eta Rockefeller Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek gidatutako ikerketa batean.

Orain arte jakina zen leptina hormonak kontrolatzen duela gantz-metaketa gorputzean. Hain zuzen, jateko gogoa eta metabolismoa erregulatzen ditu garunean. Alabaina, ikertzaileek ez zekiten nola bideratzen zen seinalea garunetik gantzera, gantza desegiteko. Eta horixe argitu dute orain egindako ikerketan. Hain zuzen, erakutsi dute gantz-zelulak inerbatuta daudela, eta neuronak zuzenean estimulatzea nahikoa dela gantza deseginarazteko. Cell aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Ikertzaileek hainbat teknika erabili dituzte konbinatuta, eta lehen aldiz ikusi dute gantz-ehun zuria  inerbatuta dagoela. Zehazki, gantz-zelulak nerbio-sistema sinpatikoko neuronaz inguratuta daudela frogatu dute saguetan, irudigintza bidezko teknologiarekin.

Horrez gain, optogenetikaz baliatu dira, neurona horiek argi urdinarekin aktibatzeko, eta haien funtzioa aztertzeko, genetikoki eraldatutako saguetan. Horrela frogatu dute, neuronak aktibatuz gero, gantza desegin egiten dela. Azaldu dutenez, lekuko neuronak aktibatzeak noreprinefrina neurotransmisorea jariatzea eragiten du, eta horrek gantzaren hidrolisia ekartzen duen mekanismo bat bultzatzen.

Ikertzaileen esanean, bide horretatik obesitateari aurre egiteko tratamenduak sor daitezke, bereziki, leptinarekiko erresistentzia duten pertsonen kasuetarako.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.