Washingtongo Unibertsitateko eta Finlandiako Aalto Unibertsitateko ikertzaile-talde batek gainazalean irudiak proiekta ditzaketen ukipen-lenteen prototipoak sortu dituzte. Oraingoz, pixel bakarra du gailuak, baina, ikertzaileek adierazi dutenez, nahikoa da funtzionatzen duela frogatzeko. Azkenean, mezu motzak zuzenean erabiltzaileen begian bistaratu ahal izango direla diote.
"Lehenengo aldiz lortu dugu bizirik dagoen begi batean jarritako pantaila bat kablerik gabe elikatzea eta kontrolatzea", adierazi du Babak Parviz Washingtongo Unibertsitateko ingeniaritza elektrikoko irakasleak. Izan ere, sortutako lenteak untxi bizien begietan probatu dituzte, eta, Journal of Micromechanis and Microengineering aldizkarian adierazi dutenez, ez dute albo-ondoriorik hauteman untxien begietan.
Informazioa kablerik gabe jaso eta bistaratzeko, ukipen-lenteak, batetik, antena bat du kanpoko iturri batetik energia jasotzeko. Bestetik, zirkuitu bat du integratuta jasotako energia hori gordetzeko eta zafirozko txip garden batera transmititzeko. Txipak, azkenik, LED urdin bat du, milimetro-heren bateko diametrokoa. Gaur-gaurkoz, inon jarri gabe, metro bateko distantziatik jaso dezake lenteak beharrezko energia. Untxiaren begian jarrita, berriz, bi zentimetrora egon behar du energia-iturriak.