Fulerenoak eta nanokonputagailuak

Duela gutxi egin diren aurkikuntza batzuei esker, kimikak eta teknologiak bide berriak jorratzeko aukera izango dute. Fulereno-transistoreek nanokonputagailuen etorkizuna erraztuko dutela diote zientzilari batzuek. Fulereno bakar eta ñimiño bat transistore anplifikadore gisa erabil daitekeela diote Suitza eta Frantziako ikertzaileek. Hauen ustez, etorkizunean fulerenoek mekanismo elektronikoak asko erraztuko dituzte.

Prozesuaren lehen pausoa isolatutako fulerenoa etengabe estutzea litzateke, 10 milivolteko tentsio alternoa kristal elektriko batean aplikatzeko; kristal hau mikroskopioaren mutur bati erantsi behar zaio. Prozesuaren amaieran, fulerenoak 0,1 nanometro neurtuko luke.

Itxaropentsu agertu dira ikertzaileak eta osagai elektroniko ñimiñoak oso zirkuitu txikietan erabiltzeko aukera izango dela uste dute. Ondorioz, oso tamaina txikiko superordenadoreak fabrikatu ahal izango dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila