Francis Bacon

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Filosofo ingeles hau, Nikolas Bacon politikariaren semea zen. Londresen 1561.eko urtarrilaren 22an jaio zen, eta aitak bezalaxe, arrakasta handiz erregearen gortean atera zuen bizibidea. Gortean trebetasun izugarria erakutsi zuen, beti ere irabazleen taldean egoten zelarik.

Zuzenbidea Cambrigde-n ikasi eta 1576. urtean hasi zen lanean. Parisen Ingalaterrako enbaxadorearekin denboraldi bat egin eta 1579.ean aita hil zitzaionean Frantziatik itzuli egin zen. 1584.ean Ingalaterrako Parlamentura sartu zen eta 1591. urte inguruan Robert Devreux-en (Essex-ko kondearen eta Isabel erreginaren gogoko aholkulariaren) aginduetara lan egin zuen. 1601. urtean ordea, Essexko kondea traidoretzat jo zuen auzian epaile izan zen, eta kondea hil zutenean Bacon bera geratu zen Isabel erreginaren begiko.

Francis Bacon.

Isabel erregina 1603.ean hil zen, baina ordurako Jakobo I.a erregea bereganatua zuen; Buckingham-go dukearen laguntzari esker, batez ere. 1607.ean prokuradore orokor egin zuten eta 1618.ean kantzelari. Kargu hauek eta beste asko agintariei opariak eginda lortu zituen, eta beretzat probetxugarri ziren lan zikinetan zalantzarik egin gabe sartzen zen.

1621. urtean St. Albans-ko bizkonde egin zuten, eta bere ospea goi-mailan zegoenean, epaile-lanetako ustelkeria zela eta salatu egin zuten. Baconek, izan ere, opariak hartu zituen epaiketan oparigileen alde egin zezan. Frogak oso garbi zeudenez, kondenatu egin zuten, baina zigorra ez zen oso zorrotza izan, erregeak bere alde egin zuelako. Dena den, Bacon etorkizun politikorik gabe geratu zen, eta harez gero hil arte bere lan interesgarrienak idatzi zituen.

Pertsona gisa zintzotasun falta ikaragarria bazuen ere, zientzia esperimentalari errespetua eta ohorea ematen erabili zituen bere jakinduria eta boterea. Zaldun ingelesen artean zientzia esperimentalak modan jartzea lortu zuen.

1608 eta 1620. urte-bitartean bere Novum Organum lan nagusia prestatu zuen, bertan metodo zientifikoa aurkeztuz. Instauratio Magna izeneko lanean, zientziak antolatzeko plana garatu zuen, eta horrez gain garrantzi apalagoko beste lan filosofiko batzuk ere idatzi zituen.

Arrazonamenduak matematikarako balio zezakeela defendatu zuen, baina zientziarako ez. Baconen ustez, zientziaren legeak saiakuntza espezifiko asko eginez orokortuta ondorioztatu behar ziren. Natura, naturari obedituz bakarrik gaindi zitekeen eta saiakuntzaren bidez gizakia naturaren interpretatzaile bihurtzen zen. Saiakuntzak gainera, razional eta metodikoki egin behar zirela zioen.

Francis Bacon 1626. urteko apirilaren 9an bere jaioterrian, Londresen, hil zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila