Lurraren berotzeari aurre egiteko, 90eko hamarkadan esperimentu bitxi bat egin zen. Izan ere, Estatu Batuetako laborategi bateko ozeanografoek burdin sulfato kantitate txiki bat isuri zuten itsasora. Laugarren edo bosgarren egunean, itsasoa berde bilakatu zela ohartu ziren. Zer gertatu zen, bitartean? Bada, itsasoan fitoplanktona sortu zela. Uretan esekirik dauden landare mikroskopikoek atmosferako karbono dioxidoa xurgatzen dute eta gas hori da, jakina denez, berotze globalaren erantzule nagusia.
Laborategiko zuzendariak esan zuenez, landareen biomasa ia 40 aldiz handiagotu zen eta landareen produkzioa bospasei aldiz. Bederatzi egunen buruan, milaka tona fitoplankton sorrarazi zituzten eta atmosferako karbono dioxidoa nabarmen jaitsi zen. Orain, Energia Saileko zientzialari-talde bat esperimentu horren nondik norakoak aztertzen ari da. Zer gertatzen da xurgatutako karbonoarekin? Gerta liteke karbonoa itsas hondora jalkitzea, baina baita karbonoa atmosferara bueltatzea ere. Nolanahi ere, ezer garbirik jakin artean fitoplanktona sorraraztea arriskutsua izan daitekeela diote adituek. Laborategiko zuzendariak, bere aldetik, urtebete barru ikerketa sakonagoa burutuko dutela esan du
. Bere ustez, garrantzitsua da jakitea ea naturak ere antzina bide hau erabiltzen ote zuen lurraren berotzea erregulatzeko.