Fisika kuantikoak lurpea ezagutzeko baliabide interesgarriak eskaintzen dituela adierazi dute Birmingham-eko Unibertsitateko ikertzaileek, Birmingham hirian (Erresuma Batua) probak egiten aritu ondoren. Sentsore kuantiko batez lurpearen grabitazio-aldaketak detektatu dituzte, interferometria atomikoa erabilita, eta lortu dute lurpeko azpiegituren ezaugarriak zehaztasunez identifikatzea, lurrazaletik datozen soinuak, mugimenduak, bibrazioak eta hondoko zaraten eragina saihestuta.
Gaur egun monitorizazio geofisikoko hainbat teknika erabiltzen bada ere, oraindik ere zulatzea izaten da lurpea ezagutzeko erremintarik eraginkorrena. Alabaina, ikertzaileek uste dute sentsore kuantiko berriek erabilera asko izan ditzaketela: besteak beste, lurpean dagoen edozein tunel edo azpiegitura mapatzea, eraikuntzarako arriskutsuak izan daitezkeen guneak identifikatzea, aurreko zibilizazioek lurpea nola erabili zuten ikertzea (ehorzketa-guneak eta bestelako egitura arkeologikoak identifikatzea, esaterako), akuiferoak mapatzea, maila freatikoan egon den edozein inpaktu ebaluatzea, eta sumendien erupzioak hobeto iragartzea. Laborategiko baldintzetatik kanpo egiten den lehen gradiometro kuantikoa da. Nature aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.
Elhuyarrek garatutako teknologia