Fisika eta familia

“Canadian Journal of Physics” aldizkarian agertutako artikulu batean, Gordon Freeman-ek (Albertako Unibertsitateko irakasle batek) egungo ikasleen etika falta beren amek etxetik kanpo lan egiteari eta feminismoaren ondorioei zor zaiela zioen.

Dagoeneko guztiz famatu bihurtu den artikuluak izan dituen erantzun eta era guztietako kexak direla eta, Kanadako National Research Council erakundeak inoiz ez bezalako erabakia hartu du: tesi horren kontrako lanak biltzen dituen monografia berezia argitaratzea.

Artikulua 1991. ekaineko ale berezian argitaratu zen; Dinamika Ez Linealeko Prozesu Ez Homogenoen Zinetikari buruzko nazioarteko kongresu bateko ekarpenak biltzen zituen alean. Artikuluaren izenburua “Gizarteko prozesu ez-homogenoen zinetika: portaera ez-etikoak eta kaosa gizartean” da. Artikuluaren hari nagusiak honakoa dio: unibertsitateko lehenengo ikasturteko ikasleek, balio moralik ez dutelako gero eta iruzur eta tranpa gehiago egiten dituztela, eta hori lan egiten duten amek behar adina arretarik eskaini ez dietelako dela.

National Research Council-eko Bruce Dancik argitalpen-buruaren ustez, artikulua “ez zen argitaratu behar. Ez da zientzia eta, beraz, aldizkari zientifikoetan ez du lekurik. Sei hilabete geroago barkamen-eskea argitaratu genuen, baina hala ere gutun asko heldu zaizkigu ondoren”.

Ale berezi hori otsailean argitaratzeko asmoa dute eta aurrekoa bidali zitzaien erakunde eta partikular guztiei helaraziko zaie.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.