Euskal Herriko mitologiari loturiko zuhaitza: Hagina

Zuhaitz honek adarkadura irregular nabarmena du. Nahiz eta 20 metrorainoko altuerara iritsi, askotan zuhaiskaren itxura izaten du. Haginaren adaburua piramidala izaten da eta nahikoa zabala. Adar ugari ia-ia horizontal ditu, irregularki has daitezkeelarik. Bere eiteak, kolore berde ilunak, enbor lodiak (gris edo arre gorriskak, askotan tira luze eta finetan zirrindatuak), nabarmentzen dute zuhaitz eder hau. Hosto iraunkorrak eta azpialdetik berde horiskak ditu. Hagina espezie dioikotzat har dezakegu. Oin arrek hosto-galtzarbetan ematen dituzte loreak, konoak alegia.

J. Terés

Oin emeetako loreak (hazi-hasikinak) hosto-galtzarbetan jaiotzen diren pedunkulu laburreko muturretan egoten dira. Hazia heltzean erabat estaltzen duen bildukin mamitsu eta gorri batekin (hazi-ariloarekin) fruitu gorri eta deigarriaren baten itxura hartzen du. Negu bukaeran edota udaberri hasieran loratzen da eta fruituak urte bereko udaren azkenaldera edota udazkenean heltzen dira. Hedapenari dagokionez, Europako parterik handienean, Asiako mendebaldean eta Afrikako iparraldean dago banatua, eta urri samar edozein lurzoru-motatan. Euskal Herriari dagokionez, sakabanatua dago mendialdeetan, lurzoru karetsuetarako joera duelarik. Aipatzekoa da zenbait aleren edertasuna eta bitxitasuna.

Bere egurra berriz, oso gogorra eta trinkoa izaten da. Bai altzarigintzan eta bai tornu lanetan, oso erabilia eta preziatua da. Bestalde, aspalditik zuhaiska apaingarritzat erabili da eta jardingintzako hainbat barietate ezagutzen dira.

Zuhaitz honen zatiak, hazia inguratzen duen arilo gorria izan ezik, oso toxikoak dira eta, hala ere, bere hostoak emenagogo gisa erabili ohi dira, eta haziak berriz, narkotiko gisa.

Gure herriko mitologiari loturiko zuhaitza da. Kondairek diotenez, erromatarren kontrako gerretan, euskal gerrariek zuhaitz honetatik lorturiko pozoiaz bustitzen zituzten beren geziak. Bestalde, preso hartzen zituztenean hil aurretik fruituetatik lortutako narkotikoa hartzen zutela esaten da.

FITXA TEKNIKOA

Hagina

Familia: taxazeoak
Espeziea: Taxus baccata
Banaketa: banatua
Habitata: mendialdea
Sendabelarra: bai. Toxikoa

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila