Europako Parlamentuak ibilgailuen gas-emisioak murriztu nahi ditu

Europako Parlamentuko Ingurugiro Batzordeak atmosferara isurtzen diren gasen inguruko txosten bat aurkeztu du. Txostenaren helburu nagusia emisio-maila baimenduarekin zorrotzagoak izatea da; horretarako, besteak beste, baimendutako isurpen-maila gainditzen duten motozikleta-modeloak 2003tik aurrera galaraztea proposatzen da. Hala ere, muga zabalagoa izango litzateke hiru eta lau gurpileko ibilgailuentzat.

2004tik aurrera, ostera, Europako Batasuneko herrialdeek ezin izango lukete onartu ezarritako zehaztapenak betetzen ez dituzten ibilgailuen matrikulazio, salmenta edo sarrerarik. Gainera, txostenak 2006an martxan jarriko litzatekeen bigarren fase gogorrago bat ere aurreikusten du. Fase horretan, muga estuagoak ezartzeaz gain, arau zorrotzenak betetzen dituzten ibilgailu berriak diruz sarituko lirateke, eta 150 cm3-tik gorako zilindrada duten ibilgailuek emisio-mailaren diagnosirako sistema izan beharko lukete ezinbestean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila