Europako gurasoek txertoekiko duten jarrera aztertu dute

europako-gurasoek-txertoekiko-duten-jarreraz
Arg. Flickr

Europako bost estatutan egindako inkesta batek gurasoek txertoekiko duten jarrera aztertu du. Emaitzen arabera, Espainiako gurasoak dira txertoekiko konfiantza handiena dutenak (% 94), Frantziako gurasoak konfiantza txikiena dutenak (% 73 soilik), eta tartean daude Alemania (% 88), Italia (% 87) eta Erresuma Batuko (% 86) gurasoak. Hala ere, ikertzaileei adierazgarria iruditu zaie Alemanian eta Erresuma Batuan, oro har, txertoekiko tarteko konfiantza erakutsi badute ere, beste inon baino indar handiagoa dutela txertaketa ororen aurkako joera azaltzen duten gurasoek (% 3).

Derrigorrezko txertaketari buruz galdetu zaienean, gurasoen % 90 azaldu da oinarrizko txerto batzuk derrigortzearen alde; estatu guztietan berdintsu. Baina alde handia azaldu da derrigorrezko txertaketaren aurkako ahotsen artean: Alemanian gurasoen % 7,8 azaldu da aurka, Erresuma Batuan % 7,4, Frantzian % 4, Italian % 1 eta Espainian % 0,8 bakarrik.

Inkestak 0-3 urte bitarteko haurren gurasoen artean egin dira, eta emaitzak Mikrobiologia Klinikoaren eta Gaixotasun Infekziosoen Europako Kongresuan aztertuko dira. Egileen ustez, txertoen aurkako jarrera horietan egon daiteke azken urteotan Europan hainbat gaixotasunek, eta zehazki, elgorriak izan duten gorakadaren arrazoia. Izan ere, litekeena da txertaketak gizartean nahikoa estaldura lortu ez izana horren ondorioz, ikertzaileen esanetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila