Airearen poluzioa uste baino arazo larriagoa da Europan. Urte honen amaiera aldera emango dira ezagutzera Europako Elkartearen osasun-erakundeek burutu duten osasun-txostenaren emaitzak, baina datu batzuek argia ikusi dute jadanik. Gure hirietako poluzioak giza osasunarengan duen eragina aztertzea zen ikerlanaren xedea eta behin behineko datuen arabera, zer ikertu franko legoke!
Parisen, esate baterako, poluzioarekin loturiko heriotzak gero eta ugariagoak dira: urtero 350 kasu eman ohi dela dio Frantziako Osasun Publikoko Erakundeak plazaratu berri duen txostenak.
Heriotza horien eta aire-poluzioaren arteko lotura egitea zilegi bada ere, faktore gehiagok eragin dezakeela ez da ahaztu behar. Nolanahi ere, ibilgailuen trafikoak eta zenbait industriak isuritako poluitzaileak arazo-iturritzat jo dira batere zalantzarik gabe. Zehatzago esanda, smog delakoak zuzenean eragindako osasun-arazoak gero eta maizago ematen direla ohartarazi dute zientzilariek.
Ikerketa gehiago egitearen beharraz halaber, ez dago zalantzarik. Azterbideak asko eta era askotakoak dira eta epe luzerako proiektuak egin beharko dira eta horretarako jakina, dirulaguntzak beharrezkoak dira. Eskari hori luzatuko dute ikerlariek apirilean kaleratu den txostenean. Eztabaidarako balio beza.