Zientzialari alemaniar batzuek adierazi dutenez, etxe-usoek munduko edozein gunetan, bere iparrorratz partikularra doitzen “ikasten” dute eguzkiaren ibilbideari erreparatuta.
Frankfurt-eko Unibertsitateko ikertzaileek aldez aurretik bazekiten usoek eguzkiaren kokapena, eguneko ordua eta norabide geografikoaren artean zegoen erlazioa ezagutzen zutela. Baina euren artean egin ohi zuten galdera honakoa zen, nola arraio orientatzen dira Ipar hemisferioko usoak Hego hemisferioan, hain zuzen, eguzkiaren ibilbidea justu kontrakoa den tokian?
Zalantzak argitze aldera, uso-taldea hartu eta Zeelanda Berrira jo zuten. Han, uso batzuen “barne-erlojuak” aldarazi zituzten; horretarako, kontrolaturiko argiztapena zuen gela itxi batean eduki zituzten bost egunez eta usoei sei orduko aurrerapena ezarri. Askatu zituztenean, “barne-erlojuak” trukaturik zituzten usoek norabide okerra hartu zuten eta gainontzekoek zuzena.