Etorkizuneko supernoba

KPD1930+2752 izarrak 200 milioi urte barru supernoba gisa eztanda egingo duela aurreratu dute astronomoek. KPD1930+2752 bi izarrez osaturiko sistema da: bata handia eta beroa; bestea ahula eta dentsoa, nano zuria alegia. Izarrak grabitazio-zentro komun baten inguruan biraka dabiltza; baina euren arteko distantzia

txikia denez, elkarren kontra talka egingo dute, 200 milioi urte barru, hain zuzen. Talkaren ondorioz sortuko den gorputza ez da egonkorra izango eta Ia supernoba gisa eztanda egingo du. Ia supernoba motako eztanda guztiak berdinak dira, hau da, argitasun bera igortzen dute. Horri esker, astronomoek supernobak zer distantziatara gertatu diren jakin dezakete. Supernobei erreparatuz, esaterako, unibertsoa zabaltzen ari dela eta zabaltzea azeleratzen ari dela ikusi ahal izan dute astronomoek. KPD1930+2752 sistema Lurretik nahiko hurbil dagoenez, astronomoentzat ikerketa-gune ezin hobea da. Sistemak Ia motako supernoba guztiak berdinak diren egiaztatzen eta horien ezaugarriak hobeki finkatzen lagunduko du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila