Elhuyar Fundazioa
Duela oso gutxi arte, etorkizunari buruz hitz egiten ariko ginen ordenagailu kuantikoaz aritzean. Baina IBMk etorkizuna oso hurbil dugula erakutsi digu berriz ere. Konpainia honek munduko ordenagailu kuantiko aurreratuena aurkeztu berri du. Ordenagailu kuantikoen berezitasun nagusia honakoa da: siliziozko txipak erabili beharrean, atomoak erabiltzen ditu prozesadore eta memoria gisa. Horretarako, "bit kuantiko" edo "qubit" izenez ezagutzen diren atomo mailako elementuak erabiltzen ditu oinarri gisa, eta horien elkarrekintzaz gauzatzen ditu eragiketak. Honekin Moore-en lege famatua bere mugaraino eramatea lortu dute; lege honen arabera, zirkuituak gero eta txikiago izango dira 2020. urtera arte, orduan atomo eta molekulen tamainakoak izango baitira. Oraingoan hogei urteko aurrea hartu diote teoriari.
IBMk garatu duen ordenagailu honek bost qubit ditu bereziki garatutako molekula baten barruan. Molekula hori duen ordenagailua erabiliz, pauso bakarrean bete zuten ordenagailu arrunt batek lau ziklotan betetzen duen eragiketa bat. Ordenagailua garatu duen taldeko zuzendari den I. Chuang-ek hau esan du: "Ordenagailu kuantikoek denbora laburrean gauzatu ahal izango dituzte gaur egungo ordenagailurik garatuenek milioika urtetan lortuko ez lituzketen eragiketak". Teknologia hori guztiz berria bada ere, informatikaren etorkizuna hemendik joango dela garbi dago.