Estralurtarrak eta gorila-efektua

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Aste honetan jaurti du NASAk TESS satelitea. NASAren azkenaldiko misio handiena da; haren zeregina, 20.000 exoplaneta inguru aztertzea. Exoplanetak eguzki-sistemaren kanpoko planetak dira, eta, halakoak aurkitzeko, zeruaren % 85 arakatuko du. Hori gutxi ez, eta hordagoa ere jo du NASAk: bizi estralurtarra topatzeko balioko du. Edo, txikira jota, exoplaneta bizigarriak, bizia sor edo har dezaketenak, bereizteko.
 
Lehen ere aurkitu izan dira era horretako exoplanetak, batez ere, Kepler teleskopioari esker. Itxaropen handiena piztu dutenen artean TRAPIST-1 izarraren inguruan daudenak dira. Hain zuzen, iaz jakin zuten TRAPPIST-1 izar nano gorri eta hotzaren inguruan zazpi planeta daudela, eta gehienak arrokatsuak direla, ura dutela, eta batzuek, baita bizitzeko tenperatura egokia ere. Alegia, bizigarriak dira.
 
Bizigarri izatetik benetan bizia hartzera aldea dago, ordea. Hala, beste ikerketa asko daude bideratuta bizi-arrastoak topatzera. Oraingoz, baina, ez dute emaitza onik izan: estralurtarrek sortuak ziruditen seinale guztiek bestelako jatorriren bat zutela frogatu da.
 
Adibide ospetsuena WOW seinalea da. 1977an jatorri ezezaguneko seinale nabarmen bat jaso zuten, Big Ear (Belarri handia) irrati-teleskopioaren bitartez. Beste azalpenik ez zegoenez, estralurtarrek sortua izan behar zuela uste izan da. Iaz arte. Iaz argitu zutenez, 266P/Christensen kometak sortu zuen seinalea, Lurretik gertu pasatzean, 1977ko abuztuan.
 
Ez da erraza, beraz, aztarna garbiak topatzea. Orain, gainera, estralurtar-bilatzaileak gorila-efektuaren menpe egon daitezkeela ohartarazi dute Cadizko Unibertsitateko ikertzaile batzuek.
 
Pertzepzioari buruzko esperimentu ezagun baten izena da gorila-efektua. 1999an, Christopher Chabris eta Daniel Simons ikertzaileek bideo bat jarri zieten boluntario batzuei. Bideoan, gazte batzuek saskibaloi-pilota bat pasatzen zioten elkarri, eta boluntarioek zenbat pase egiten zituzten zenbatu behar zuten. Une jakin batean, gorila jantzitako pertsona bat sartzen zen gazteen tartera. Boluntarioek, ordea, ez zuten hura ikusi, arreta guztia baloian jarrita baitzuten.
 
Bada, Cadizko ikertzaileek antzeko proba bat egin dute. Boluntarioek egitura naturalak eta artifizialak bereizi behar zituzten (zibilizazio estralurtarren bila dabiltzanek egin behar duten bezala), 137 argazkitan. Haietako batean gorila txiki batean sartu zuten. Eta, 1999ko esperimentuan bezala, boluntarioak ez ziren konturatu. Ikertzaileen esanean, gure neurofisiologia era jakin batekoa da, eta horrek ekartzen du ingurunearen pertzepzioa mugatua eta bideratua izatea. Horrez gain, ondorioztatu dute boluntario intuitiboenek arrazionalek baino errazago ikusten zutela gorila. Agidanez, haiek izango dira estralurtarrak topatzeko hautagai egokienak.

Berria egunkariann argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group