Esteken araberako bilaketa

Interneten denborarik ez galtzeko sekretuetako bat bilatzen jakitea da. Baina erabiltzaileok eskura ditugun zerbitzu ahaltsuek ez digute bilatzen ari garen hori topatuko dugula ziurtatzen. Princeton-go NEC Ikerketa Institututik estekei etekin handiagoa ateratzea proposatu dute, norberaren interesei egokitutako bilaketa eraginkorrak egin ahal izateko. Bilaketaren abiapuntua sarearen komunitate-egitura da.

NEC Ikerketa Institutuko Gary Flake-ren taldeak, web guneen arteko esteketan oinarrituta, bilaketa egiteko algoritmo berri bat sortu du eta, esan dutenez, Yahoo! eta Google bilatzaileei ihes egiten dieten kalitate handiko web guneak topatzeko gai izan dira. Flake-k dioenez bilatzaileek ez dute erabat islatzen Interneten komunitate-egitura.

Flakek algoritmo berria orain arteko bilaketa sistemen osagarri izan dadin nahi du, estekek sortutako egiturek bilaketa egokitu eta eraginkorragoak egiteko aukera eskain baitezakete. Flakeren ustez erreminta hori bereziki interesgarria da zientzialarientzat, euren orriak elkarrekin lotzeko joera handia baitute. Baina guztiontzat balioko du. Orain, Interneteko komunitateen mapa egiten ari dira, hasierako orririk gabe algoritmoa nola dabilen probatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila