Espazioan energia ekoizteko metodo berria

Behin baino gehiagotan aipatu dugu espazioko ibilgailu eta gainerako tresnek energia asko kontsumitzen dutela. Energia-eskaera horri aurre egiteko, berriz karga daitezkeen bateriak erabiltzen dira. Baina bateria horiek handiak eta astunak izaten dira eta, askotan, ez dira oso erabilgarriak gertatzen. Arazo hori gainditzeko, AEBetako Purdue Unibertsitatean ingeniaritza nuklearra irakasten duen Shripad Revankar irakasleak espazioan energia ekoizteko metodo berria asmatu du.

Sistemaren oinarria tenperatura handian likidotu eta tenperatura txikian izoztu egiten den materiala da. Eguzkitan dauden orduetan, espazioko tresnen zati batzuk 800 ºC-tara hel daitezke; tenperatura altu horietan, materiala likido mantentzen da. Espaziontzia orbitaren alde ilunean sartzean, ostera, tenperatura jaitsi eta materiala solidotu egiten da. Izozte-prozesu horretan askatzen den beroa elektrizitatea ekoizteko erabil daiteke, dela turbinen bidez, dela unitate termoelektriko deituriko mekanismoen bidez. Asmatzailearen ustean, sistema berri hori orain erabiltzen dena baino txikiagoa izango da eta, gainera, energia gehiago metatu ahalko da. Bestalde, sistema probatzeko egin behar diren esperimentuak Lurrean egin daitezke, askoz azkarrago eta, batez ere, merkeago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila