Alemaniako Wuerzburg Unibertsitateko zientzialariek eskizofrenia katatonikoaren erantzule den genea aurkitu dute. Gizakiaren 22. kromosomako geneak aztertzen ari zirela aurkitu zuten eta kodetzen duen proteina ioi-kanalen antzekoa da. Ioi-kanalak zelularen mintzean izaten diren proteinak dira eta beren funtzioa neuronen artean korronte elektrikoa garraiatzea da. Eskizofrenia katatonikoaren ezaugarri nagusia arazo psikomotore larriak izatea da, hau da, postura zurrunak, erantzun automatikoak eta negatibismo handia.