Eski-denboraldia amaitzeko gutxi falta bada ere, eskizaleok oraindik garaiz zaudete eski diseinu berriaren abantailez gozatzeko. Material piezoelektrikoz eginiko berunezko txarteltxo bati esker, eskiatzerakoan sortzen diren bibrazioak saihestu ahal izango dira eta ondorioz, gehiago nabarmenduko da eskiatzailearen dotorezia estazioetako maldetan.
Material piezoeletrikoak bibrazio mekanikoak korronte elektriko bihur ditzake eta baita alderantziz ere. Material horretako txarteltxoa eski-botak lotze-lekua baino zertxobait aurrerago atxikiko da. Bibrazio gehien gune horretan izaten omen da eta berauek eskiaren luzera osoan hedatzea saihestu nahi dute. Berunezko txartelari kontrol-zirkuitu elektronikoa erantsiko zaio eta horrek seinale elektriko bilakatu diren bibrazio mekanikoak interpretatuko ditu piezoelektrizitateari esker. Interpretatzea diogunean eskien zurruntasuna murriztu eta bibrazioak geldiaraztea lortuko dela adierazi nahi dugu.
Teknologia berriaren erabilpena ez da eskietara mugatuko. Besteak beste, hegazkinetako hegoetan gertatzen diren bibrazioak saihesteko modua eskainiko duela ikusi da eta etorkizun hurbilean auto eta makina-erramintetan ere erabiliko omen da.