Zenbait urtez sateliteak hor ari dira zerutik Lurrari begira eta gero eta datu gehiago bidaltzen dute gure atmosferari buruz. Alemaniako Ikerketa-Sailak (DLR-k) Oberpfaffenhofen-en duen zentruan, datu horiek ebaluatzen saiatzen dira.
Laster, satelite-irudien datu-banku berria martxan jarriko dute bertan eta adituek klimaren fenomeno korapilotsuak azkarrago ezagutzea espero dute. Orain arte batez ere hiru satelite ziren ekologia aldetik aztertzeko moduko datuak bidaltzen zituzten sateliteak: NOAA izeneko meteorologikoa eta LANDSAT nahiz SPOT izeneko urruneko behaketa-sateliteak. Denbora gutxi barru ordea, European Remote-Sensing Satellit edo ERS-1 izenekoa jaurtitzekoak dira eta Lurrera bidaliko duen datu-piloa aprobetxatu nahi bada, bertako azpiegitura ere sendotu egin beharko da.
Satelite berriak, oso parametro desberdinak erregistratzen dituzten sei instrumentu daramatza. Itsasoaren gainazala, bertako uhinen altuera, haizearen norabidea eta abiadura, urazaleko tenperatura, hezetasun-maila, etab. neurtuko ditu ERS sateliteak.
Bere tresna nagusia radar-scanner izenekoa da. Hodeiak egon arren lurreko irudiak bidal ditzake, bertako 30 metroko objektuak garbi ikusiko direlarik.
Sateliteak berak ez du jasotzen duen hainbat informazio gordetzeko ahalmenik eta Lurreko segimendu-estazioetara bidali beharra dauka. Horregatik Espaziorako Europar Agentziak (ESA-k) 24 estazio ipini nahi ditu.
ERS satelitearen datuak Lurrean berehala irudi bihurtuko dira eta prest egongo dira zuzenean erabiltzeko.