Errododendroa, mendi garaienetako mulua

Rhododendron generoa, gutxi gora-behera, 1.200 espezietan dibertsifikatua dago, hauetariko asko jardingintzan kultibatzen direlarik (azaleak esate baterako). Euskal Herriari dagokionez, Rhododendron ferrugineum espeziea bakarrik azaltzen zaigu.

Aztergai dugun errododendro hau mulua edo zuhaixka txikia da (1,2 m-rainokoa), adar tente, bihurri eta zurkara itxurakoa. Hostoak iraunkorrak izaten dira, eliptiko-luzangak, zorrotzak eta mukronatuak. Gainaldean, berde distiratsuak eta azpialdean, berriz, berde-horiskak hasieran, gerora herdoil-kolore tipikoa izanik. Hostoaren azpialdea ere ezkataz estalia azaltzen da, bere ertza errobolotua izanik.

J. Terés

Loreak, aldiz, oso deigarriak dira. Uda garaian, urtero, Euskal Herriko Pirinioak kolore arrosa-gorriskaz janzten dituzte, paisajeari zertzelada xarmangarria eskainiz. Hauek adar-muturretako matsalkoetan azaltzen dira, ginbail-forma tipikoa osatuz. Kanpaniformeak edo inbutu-formakoak izaten dira, eta altitudearen arabera ekainetik abuztura bitartean loratzen da. Fruitua kapsula luze bat izaten da; 5 kuskutan irekitzen dena.

Errododendroa mendi garaienetan bizi da: Jura, Alpe, Pirinio eta abarretan, eta lorzoru silizeoak begikoak ditu. Harritza, oihanpe (mendi-pinuko oihanpeetan batez ere) eta sastrakadi subalpetarretan azaltzen da. Euskal Herrian, Pirinioetako zona garaienetan baino ez dago, bere banaketa-arearen hego-mendenbaldeko muga Larran duelarik.

Landare hau toxikoa da eta sendabelartzat erabili izan da. Dituen substantzien artean, taninoak, arbutina glukosidoak eta andromedotoxina aipatzen dira bereziki. Erreuma eta hezueria sendatzeko ahalmena duela eta diuretikoa dela esan ohi da. Odola garbitzeko ere balio omen du.

Baina, kontuz! Toxikoa baita.

FITXA TEKNIKOA

Errododendroa

Familia: Erikazeoak
Espeziea: Rhododendron ferrugineum
Banaketa: Bakana
Habitata: Harritzak, oihanpe eta sastrakadi subalpetarrak
Sendabelarra: Bai

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila