Kaliforniako Santa Cruz Unibertsitateko zientzialari-talde batek erribosoma osoen irudiak lortu dituzte. Biologia molekularraren aspaldiko amets bat bete egin da horrela. Erribosomak izaki bizidunetako zeluletan dauden osagai elementalak dira eta bere zeregina proteinak sintetizatzea da. Gainera, ADNz osatutako kode genetikoaren eta proteinen arteko "zubi" bezala jokatzen dute. Horretarako, bi atal ezberdinez osaturik daude.
UCSC Unibertsitatean lortutako erribosomaren zatiek bata bestearekin nola erreakzionatzen duten erakusten dute, bai eta erribosomak proteinen sintesian parte hartzen duten zenbait molekularekin nola erreakzionatzen duen ere. Irudi hauen bidez erribosomen jokabidea aztertu nahi dute eta bizia sortzen duten osagai elementalek nola jokatzen duten ulertu, etorkizunean aplikazio praktikoak bilatzeko (adibidez antibiotiko hobeak sortzea).
Orain arte ikerketa bakteria-erribosometara mugatu da, hauek handiagoak direnez, errazagoa baita irudikatzea. Erribosoma hauek 3 ARN molekulaz eta 50 proteina baino gehiagoz osaturik daude, eta irudiak lortzeko X izpiko kristalografia erabili dute ikertzaileek. Erribosomek proteinak sintetizatzeko behar duten kode genetikoa ARN mezulari baten bidez jasotzen dute, eta informazio honekin eta transferentziazko ARN molekulek ekarritako osagaiekin proteina-kateak osaten dituzte.