Europako Formica paralugubris inurri-espezieak inguruko pinuetako erretxina biltzen du habiak desinfektatzeko. Hori ondorioztatu dute Lausanako Unibertsitateko ikertzaileek. Erretxinak osagai antibiotikoak ditu eta pinuek beren babeserako baliatzen dute; eta, antza denez, inurriak ere ahalmen antibiotikoaz baliatzen dira.
Ikerketan, bi inurritegi-mota egin dituzte: erretxinadunak eta erretxinarik gabekoak. Biak alderatuta, bigarren taldean hiru bider onddo gehiago hazten dela eta gaixotasunak eragiten dituzten bakterio dezente gehiago dituztela behatu dute. Kontuan izan inurritegietan materia organiko hil ugari izaten dela.