Intsektuetan, ar desberdinen espermek elkarren aurka borrokatzen dute ahalik eta obulu gehien ernaltzeko
Science aldizkarian argitaratutako bi ikerketek erakutsi dutenez, zenbait intsektutan, espermak gogor borrokatu behar du beste ar batzuen espermaren aurka, obulura iristeko.
Ikerketetako bat Estatu Batuetako Sirakusa Unibertsitatean egin dute. Fruta-euli arrak genetikoki eraldatu dituzte han, bakoitzaren esperma kolore fluoreszente desberdin batekoa izan dadin. Horri esker, emearen barruan postu onena lortzeko nola lehiatzen diren ikusi dute.
Hala, frogatu dute emeak lehen arraren esperma gordetzen duela hiru organo biltegitan, baina espermaren zati bat askatzen duela beste ar batekin gurutzatu aurretik. Bigarren arraren esperma lehenengoa dagoen lekura iritsitakoan, haren aurka lehiatzen du, eta mugimenduaren bidez hura baztertzen saiatzen da. Hain zuzen, horrek azalduko luke zergatik sartzen duten arrek emeek gorde dezaketen espermaren halako hiru.
Beste ikerketan, berriz, inurri eta erle ar baten esperma beste ar baten espermatozoideentzat kaltegarria dela frogatu dute Kopenhageko Unibertsitateko biologoek. Haien ustez, esperman dauden proteinek eraso egiten diete lehiakideen espermatozoideei, immunologia-sistemaren zelulek arrotzen aurka egiten duten moduan.