Erleak animalia harrigarriak dira: janari bila joateko erlauntza utzi, 10 km-ko bidaia egin eta etxera bueltan itzultzeko gai dira.
Erleen orientatzeko sen aparta ezaguna zuten ikertzaileek, baina, halako gaitasuna nola lortzen duten ez. Izan ere, erleak begi-bistaz jarraitzea zaila da, 30 m-ko distantziara ikustezinak baitira.
Estatu Batuetako ikertzaile-talde batek seinaleak bidaltzen dituzten radar txikiak lotu dizkiete erleei eta, horri esker, erleen mugimenduak 700 m-ko eskualdean jarrai ditzakete. Metodoa mugatua izanik ere, aparteko informazioa eskuratu dute ikertzaileek erleen orientatzeko senari buruz.Dirudienez, bizitzako lehen hiru asteetan orientazio-ibilaldiak egiten dituzte erle gazteek. Erlauntzatik abiatu eta hainbat norabidetan joan-etorriko bidea egiten dute: 10 eta 300 m bitarteko ostera egin eta haranzkoan eginiko ia bide beretik itzultzen omen dira abiara. Zenbat eta urrunago joan, hainbat eta azkarrago egiten dute bidea, osteraren iraupena beti berdina delarik.
Ikertzaileen ustetan, irteera horiek erlauntzaren ingurunea buruz ikasteko modua dira.