Nazioarteko ikerketa batean, erleen egoera mikrobianoa ikertu dute, nekazaritza intentsiboko eremuetan, eremu erdinaturaletan eta eremu naturaletan, eta frogatu dute erlauntzaren mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Izan ere, nekazaritza intentsiboan erabiltzen diren produktu kimikoek eta abar desoreka eragiten dute, eta horrek zaurgarri bihurtzen ditu erleak.
EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak parte hartu du ikerketan, Kroaziako hiru unibertsitaterekin lankidetzan. Azaldu dutenez, desoreka hori bere onera etortzen da, erlauntzak eremu naturalera eramanez gero. Hobetzea uste zutena baino azkarragoa da, gainera: nekazaritza-eremutik habitat erdinaturalera eraman zituzten erlauntzetan, 16 egunetan jada nabarmena zen hobekuntza mikrobiotaren konposizioan.
Horrez gain, erleen osasunari buruzko informazioa emango duten biomarkatzaileak zehaztu dituzte. Esate baterako, ikusi dute Arsenophonus bakerioa oso ugaria dela nekazaritza-eremuetan; gutxiago dagoela eremu erdinaturaletan, eta ia ez dela azaltzen eremu naturaletan. Scientific Reports aldizkarian eman dute horren guztiaren berri.
Elhuyarrek garatutako teknologia