Epe luzeko eguraldi-iragarpenak

Lurreko atmosferaren geruza baxuena, troposfera, eguraldi-iragarleen amesgaiztoa da. Maiz, negu partean batez ere, aldez aurretik iragartzerik izan ez diren eguraldi-aldaketa nabarmenak izaten dira. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, zenbaitetan atmosferaren goialdeko geruzan, estratosferan, gertatzen diren aldaketek ipar-hemisferioko eguraldian bi hilabete inguru iraun dezakeen eragina izaten dute. Aurkikuntza horri esker, eguraldi-iragarleek epe luzeagoko iragarpenak egiteko modua izan dezakete.

10 kilometrotik gorako altueran, estratosferan, abiadura handiko haizeak jotzen du maiz eta haize horrek zurrunbiloak sortzen ditu Ipar Poloan. Zurrunbilo horiek bat-batean aldatzeko joera izaten dute, eta maiz tamaina eta intentsitatean asko handitzen dira. 42 haize-zurrunbilo aztertu dituzte ikertzaileek eta horien tamaina-aldaketek eguraldian duten eragina ikusteko modua izan dute.

Ikerketaren arabera, goialdean aldaketa handiak izan dituen zurrunbiloa estratosferako beheko geruzan egokitzen denean, tamaina eta intentsitatean egonkortu egiten da, eta ez du gorabehera handirik izaten 60 egun inguruz. Beraz, une horretan ahula ala indartsua bazen, horretan eutsiko dio zurrunbiloak, eta arretaz jarraituz gero, iragarleek bi hilabete inguruan eguraldia iragartzeko lagungarri izan dezakete.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila