Japoniako ikertzaile-talde batek egin duen ikerketaren arabera, merkuriozko hagin enpasteek dermatitis atopikoa eragin dezakete. Dermatitis atopikoa hazkurea eta ezkatak —batez ere buruan— eragiten dituen azaleko gaixotasun kronikoa da.
Tsunetoshi Shimazu alergologoak eta Nagakazu Ko odontologoak dermatitis atopikoa eta merkuriozko enpasteak zituzten 300 pazienteren egoera ikertu dute 8 urtez.
Bi adituek, merkurioa ez den beste metal batzuek edo plastikozko osagaiak erabilita, enpaste berriak egin zizkieten 300 pertsonari. Aldaketa egin eta gero, pazienteen % 70en dermatitisaren egoera nabarmen hobetu zen, eta urtebetera % 58ri gaixotasuna erabat desagertu zitzaion. Enpasteak egiteaz gain, aditu biek alergia-probak egin zituzten pazienteekin. Emaitzen arabera, % 98k merkurioari alergia zioten.
Pazienteekin ez ezik, japoniarrek 250 ikaslerekin ere azterketa egin zuten. Merkuriozko enpasteak zituztenen % 48k dermatitis atopikoa zuten; enpasterik ez zutenetan, berriz, ehuneko hori 8ra baino ez zen iristen.
Beraz, ikertzaile biek merkuriozko enpasteak debekatzeko eskatu dute. Izan ere, Japonian enpasteak egiteko urtero tona bat merkurio erabiltzen da; beste toki batzuetan, aldiz, debekatua dago umeekin edo haurdun dauden emakumezkoekin erabiltzea.