Enbrioi-jatorriko zelula amak, enbrioia galdu gabe

Enbrioi-jatorriko zelula amak, enbrioia galdu gabe
2008/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Zelula ama enbrionarioak lortzeko aurrerapausoa eman dute Bruselako Vrije Unibertsitateko ikertzaileek. Enbriologiaren eta Giza Ugalketaren Europako Elkarteak egin duen azken bileran aurkeztu dituzte emaitzak, eta, ikertzaileek nabarmendu dutenez, bi alderdi hobetu dituzte: batetik, teknikak erraztu egiten du terapian erabiltzeko zelula amak lortzea, eta, bestetik, zelula erauzten zaion enbrioiak ez du kalterik jasaten.

Orain arte, enbrioi-jatorriko zelula amak lortzeko saiakeretan, normalean, zortzi zelulako enbrioitik abiatu izan dira. Ordurako, enbrioiaren zelulak espezializatuta daude neurri batean, pluripotenteak dira, eta zaila da haiekin lan egitea. Lau zelulako fasean, berriz, zelulak totipotenteak dira; alegia, haietako bakoitzak enbrioi oso bat emateko gaitasuna du. Orain aurkeztu duten teknikarekin, posible da enbrioiari ahalmen hori duen zelula bat erauztea, eta hori erabiltzea terapian behar diren zelula-mota guztiak garatzeko, modu errazean.

Gainera, zortzi zelulako enbrioitik abiatzen direnean, gehienetan enbrioia galdu egiten dute. Eta aurrera egiten duen kasuetan ere, ikertzaileek ez dakite garbi enbrioia umetokian ezarri eta erabat garatzea lortuta ere haurra gabeziarik gabe jaioko litzatekeen. Oraingoan, berriz, frogatu dute hiru zelulako enbrioia behar bezala garatzen dela, hurrengo fasera arte behintzat.

1
245
2008
9
004
Medikuntza; Biologia; Etika
Berriak labur
5
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila