Emakumeen ugalketa-aparatua eta hilekoaren zikloa kutxa batean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

emakumeen-ugalketa-aparatua-eta-hilekoaren-zikloa-
Arg. Northwestern Medicine

Hilekoaren zikloa erreproduzitzen duen miniaturazko ugalketa-aparatu bat aurkeztu dute Northwestern Unibertsitateko ikertzaileek. EVATAR izena jarri diote, eta espero dute baliagarria izatea emakumeen ugalketa-aparatuarekin lotutako asaldurak eta gaitzak ikertzeko eta tratamenduak probatzeko.

Kutxaren barruan, obarioak, umetokia, umetokiko lepoa, bagina eta Falopioren tronpak daude, elkar konektatuta. Hala, sistema bat osatzen dute, organismoan gertatzen den bezala. Gainera, gibela ere gehitu diote, han metabolizatzen baitira botikak, eta likido berezi batek egiten du odolaren funtzioa.

Hain zuzen ere, ikertzaileek azaldu dute odolaren ordezko unibertsala garatzea izan dela zailena. Aldi berean, funtsezko elementua da, haren bidez joaten baitira organo batetik bestera hormonak eta gainerako substantziak.

Dena dela, ikerketa ez da amaitu, azken asmoa paziente bakoitzarentzat berariazko kutxak egitea baita. Horretarako, pazientearen zelula amak erabiliko dituzte; hala, aukera izango dute bakoitzari ondoen egokitzen zaion tratamendua aurkitzeko, orain arte baino modu seguruagoan eta merkeagoan.

Ikertu eta tratatuko dituzten gaitzen artean, berriz, hauek aipatu dituzte: endometriosia, fibromak, minbizia, ugalkortasun-arazoak… Eta, denborarekin, beste aparatuak ere egin nahi dituzte, organismo osoaren eredua izan arte. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa osoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila