Elefantiasia menperatze-bidean

Pertsonen gorputz-atal batzuk desitxuratzen dituen bizkarroi baten kontrako lanean arrakasta handia lortu du Indonesiako eta Iparrameriketako ikerlari-talde batek. Elefantiasia sortzen duen bi bizkarroitako bat, hots, Brugia malayi izenekoa, laborategian haztea lortu da. Honen bidez, bere kontrako botika berriak aurkitzeko prozesua azkartu daiteke.

Eltxoen bidez kutsatzen den gaitz hau, helduengan bakarrik garatzen da. Hankak, besoak eta genitalak puztu egiten dira sistema linfatikoa butxatuz. Gaitza garaiz detektatzen bada, dietilkarbamazinaz senda daiteke.

Bestela, sei aste baino gehiagotan sendagarri honen dosiak hartu behar dira eta hori ezinezkoa izaten da herrialde pobreetan. Ikerlarien helburua, dosi batean bakarrik hartu behar den sendagaia aurkitzea da.

Beraz, orain lortutakoa aurrerakada nabaria izango da sendagai berria topatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila