Elefanteak salgai

Merkealdietako sasoia iritsi ez bada ere, Zimbabweko Hwange Parke Naturaleko arduradunek merke eskaini dituzte irudiko elefanteak. Salneurriari buruz ez dute hitz egin nahi izan, baina salerosketa hil ala bizikoa dela azpimarratu dute. Zimbabweko Parke Natural horretan, izan ere, elefante-populazioa % 5 handiagotu da azken bost urte hauetan, gaur egun 30.000 elefante bizi delarik bertan. Parkeko arduradunek diotenez, egoera jasanezina da jadanik. Lehorteak baliabiderik gabe utzi du Afrika osoa eta, jakina, Hwange ez da salbuespena izan. Elefanteak neurrigabe pilatzeak Parkean bizi diren gainerako animalien heriotza sorraraziko duela uste dute eta jadanik errinozero eta antilope gutxiago dagoela baieztatu ahal izan dute.

Merkealdietako sasoia iritsi ez bada ere, Zimbabweko Hwange Parke Naturaleko arduradunek merke eskaini dituzte irudiko elefanteak.

Kontrolpeko ehiza aipatu izan da irtenbidetzat. Aukera horrek, ordea, ez du inoiz funtzionatu izan Afrikan, elefanteen legez kanpoko trafikoak etekin handiak ematen dituelako eta tentaldiaren aurrean errazegia delako amore ematea. Historian bada horri buruzko pasarte negargarri asko.

Irtenbidea 5.000 elefante Hwange parketik atera eta leku seguruetara eramatea da. Zeregin erraza izango denik, ordea, ez du inork uste. Azken urteotako lehorte bortitzak Hwange parkeko hesiak gainditu egin ditu eta inguruko herrialdeetan ere badakite zer den goseak eta egarriak animaliak hil dituela ikustea. Oro har, Afrikan elefanteak hartuko dituen parkerik ez dagoela onartu behar den premisa da. Salgai jartzea omen da bide bakarra. Eskaintza horretaz balia daitezkeenak asko dira: mendebaldeko herrialdeak, zoologikoak eta abar. Parkeko arduradunek diotenez, erabaki hori hartu aurretik makina bat aldiz eztabaidatu dute elefanteen etorkizuna. Parkean segituz gero, goseaz akabatuko dira elefanteak edo gainerakoan, parkeko beste animaliak hil egingo ditu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila