Ekaitz elektrikoetan tarteka sortzen diren gamma izpiak orain arte uste zen baino askoz energetikoagoak direla ikusi dute Italiako Espazio Agentzian egindako ikerketa batean. Hain zuzen, ikusi dute aurretik egindako azterketetan neurtutako energia halako bi dutela izpi jakin batzuek. Lurreko gamma izpien bristada (gamma ray flashes) deritze izpi horiei, eta 100 MeV-eko energia izatera irits daitezke. Bi urte eta erdi eman dituzte AGILE misioan satelite bidez Lurrean nahiz kosmosean sortutako gamma izpiak aztertzen, eta Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Gamma izpiak aztertzen jarraitzeko interesa dute Italiako Espazio Agentziako ikertzaileek. Orain, programa bat prestatzen ari dira goi-atmosfera xehetasun handiagoz aztertzeko. Besteak beste, gamma izpien detektagailu batez hornitutako hegazkin bat ekaitz-hodeien ondora bidaltzeko asmoa dute.
Gamma izpiak aztertzea ekaitz-hodeietan gertatzen diren prozesuak hobeki ulertzeko bide bat izan daitekeela uste dute zientzialariek. Izan ere, oraindik ez dago argi, adibidez, nola sortzen diren, zehazki, tximistak. Jakina da beharrezkoa dela ekaitz-hodeietan potentzial-diferentzia handiak sortzea. Zientzialariek uste dutenez, potentzial-diferentzia horiek partikula-azeleragailuen funtzioa egiten dute, eta horrek elektroiak azeleratzea eragiten du. Bada, ziztu bizian doazen elektroiak dira gamma izpien iturri eta tximisten lehenengo txinpartaren sortzaile.